PUNTA GALEA BIG WAVE CHALLENGE 6 METROKO OLATUEKIN OSPATU DA ETA 20.000 IKUSLE INGURU BILDU DITU
Itxaslehor Surf Consultancyk laguntza espezializatua eman dio Red Eléctrica Punta Galea Big Wave Challenge ospatu den ekitaldiaren antolakuntzari, joan den larunbatean, abenduaren 6an. Goizaldeko lehen orduetan 4 metro inguruko olatuak izan ziren, oraindik haize pixka batekin, baina denborak aurrera egin ahala haizea baretu eta mareak gora egin ahala, La Galeako olatuaren unerik onena, finaletan olatuek 6 metroko altuerara ere heldu dira, ikusleen gozamenerako.
Aurrenekoz, gizonak eta emakumeak batera lehiatu dira olatu handiko surfeko nazioarteko proba honetan. Guztira, 24 gizon eta 6 emakume aritu dira lehian, 30.000 euroren banaketan.
Lehen kanporaketatik bertatik nabarmena izan da surflari ospetsuen kanporatzea: Nic Lamb kaliforniarra, bi aldiz La Galeako txapeldun izandakoa, edo Trevor Carlson, besteak beste. Aldi berean, tokiko harrobi gazteak ere maila bikaina eman du, lehen aldiz parte hartuz topaketa preziatu honetan. Nabarmena izan da Eder Fuentes-en jarduna: segurtasuna eta taularen gaineko kontrol handia erakusteaz gain, finalera arte iritsi da. Xan Antxoarenaren tuboa ere aipatzekoa da, eta baita gaurko olatu bortitzek eragin dituzten erdi dozena taula apurtuak, tartean Natxo Gonzálezen berarena; azken honek oso gutxigatik galdu du titulua Roseyro angelutarraren aurrean.
Txapeldunordea zen Aritz Aranburuk ere ezin izan du bere marka hobetu eta hirugarren geratu da. Ondoren sailkatu dira Donostian bizi den nafartarra, Xabi López, eta sorpresa eman duen Pierre Rollet frantziarra, 2018ko txapelduna eta 2019ko txapeldunordea, gaur olatu bakar bat ere hartu ez duena.
Emakumeen finalean, lehen aldiz La Galean surfeatzen ari ziren 5 finalisten papera azpimarratzekoa da. Justine izan da nagusi, hasieratik erritmoa ezarriz. Atzetik sailkatu dira gazte kanariarra Laura Coviella eta txiletarra Dominique Charrier, eta azken honek 23. urtebetetzea ere ospatzen zuen gaur. Bosgarren postuan, Mikaela Fregonese-ren atzetik, geratu da finalistetan euskal ordezkari bakarra: Nadia Erostarbe surflari olinpikoa.
Publikoaren parte-hartzea historikoa izan da: 20.000 pertsona elkartu dira itsaslabarretan eta inguruetan. Horrek garraio publikoaren zerbitzua indartzera eta segurtasun-neurriak handitzera behartu du, baina amaieran guztiek gozatu dute surfaz betetako egun bikainaz eta Red Eléctrica Punta Galea Challenge-ren itzuleraz La Galeako itsaslabarrean, Getxon.