DONOSTIA BURU DUEN SURFAREN HIRIEN NAZIO-ARTEKO SAREAK (WSCN) AURRERA EGINGO DU BERE PLAN ESTRATEGIKOAN
Mirafloresen, Peruko Surf Cityn, izan zen abenduaren 13tik 15era World Surf Cities Network (WSCN), Surfaren Hirien Nazioarteko Sarearen urteko bilera, Itxaslehor Surf Consultancyren laguntza teknikoarekin. Sare hori sor zedila sustatu zuen Donostia Sustapeneko Surf City Donostia Klusterrak, jarduerak koordinatzeko sarearen buru den hiriko klusterrak. Ekitaldia aurrez aurrekoa eta online izan zen, eta balio izan zuen urteko jardueren balantzea egiteko, esperientziak partekatzeko, ekintza plana aztertzeko eta sarearen webgunearen bertsio berria aurkezteko. Sarearen jarduerari buruzko eta parte hartzen duten hiriei buruzko informazio guztia bilduko du webgune horrek.
Ekitaldiaren lehen bi egunetan bazkide guztien urteko topaketa orokorra egin zen, eta azken urtean egindako lanaren balantzea egin zuten. Gainera, 2020an definitu zen Sarearen Plan Estrategiko berria gauzatzeko martxan jarri diren lantaldeetako aurrerapenak aurkeztu ziren. Besteak beste, sarea kudeatzeko gobernantza eredu berria landu zen, baita atxikitze prozesu berri bat ere, taldean sartu nahi duten hirientzat. Landu ziren beste gai batzuk izan ziren, besteak beste, sareko produktuen portfolioa garatzea, baita surfaren esparruan hirien inpaktua eta bilakaera neurtzeko indizea garatzea ere.
Hirugarren egunean konferentzia ireki bat egin zen eta, bertan, Mirafloresek, hiri anfitrioiak, hirian surfaren arloan garatzen ari diren proiektu nagusietako batzuk aurkeztu zituen. Sarearen 2022rako helburuen artean hauek nabarmendu behar dira: gobernantza eredu berria jarriko dela martxan, lantaldeek jarraituko dutela, produktu zein zerbitzu berriak garatuko direla eta hiri berriak atzemango direla.
Topaketa honetan gaur egun Surfaren Hirien Nazioarteko Sareko kide diren 15 hiritako 13 ordezkarik parte hartu zuten. Arica (Txile), Ericeira (Portugal), Gold Coast (Australia), Las Palmas Kanaria Handikoa (Espainia), New plymouth (Zeelanda Berria), Viana do Castelo (Portugal), Santos (Brasil), Montañita (Ekuador), Huanchaco (Peru), Viña del Mar (Txile), Salinas (Ekuador), Miraflores (Peru) eta Donostia (Espainia). Lacanau (Frantzia) eta Durban (Hegoafrika) ez ziren izan topaketan.
Ekitaldian ordezkari politiko hauek hartu zuten parte: Mafra, Ericeirako (Portugal) Turismo eta Kirol zinegotzi Pedro Antonio do Carmo Siva; Viana do Casteloko (Portugal) kirol zinegotzi Ricardo Rego; New Plymoutheko (Zeelanda Berria) zinegotzi Craig Willianson; Bundoran hiriko (Irlanda) turismo manager Shane Smyth; Santoseko alkate Rogerio Santos, eta Mirafloresko (Lima) alkate Luis Molina Arles.
Surf city bat da surfak, surfaren kulturak eta surfaren sektorearen inguruko industrietako enpleguak hiriko oinarri ekonomiko, sozial eta kulturalean garrantzia duen hirigunea, eta bertan hiriko gobernuak formalki onartutako surfaren industria egon ohi da.
Surf city batean kontuan izan beharreko elementuak hauek dira: kokapena, baliabide naturalak eta hiriaren tamaina, industria (surf oholen diseinua eta fabrikazioa, ehungintza, osagarriak eta ekipamenduak eta txikizkako industria), zerbitzuak (surfaren turismoa, surf eskolak, surf lehiaketak eta ekitaldiak, surfari buruzko hezkuntza eta prestakuntza, surfaren komunikabideak, surfari lotutako higiezinen merkatua, etab.), surfaren kultura (surflarien eta surf elkarteen eta federazioen kopurua, surfaren kultura, hiriko surfaren historia eta ikonoak), eta hiriko gobernuak onartzea surfaren industria eta hura sustatzea garrantzitsua dela. WSCNren helburua da tokiko jarduera ekonomikoa sustatzea (tokiko industria, turismoa eta enplegua) surfaren bidez, surfaren hirien artean ideien ezagutza partekatuta eta proiektuetan elkarlanean arituta.
Europako, Amerikako, Afrikako eta Australiako hamabost Surf Cityk osatzen dute sarea. Guztiei interesgarria iruditzen zaie surfaren bidez tokiko lehiakortasuna hobetzea. Sarearen helburuetako batzuk hauek dira: sareari atxikitako hirien posizionamendua hobetzea surfaren turismo helmuga gisa, surfari lotutako tokiko enpresa berriak sor daitezela bultzatzea, eta elkarlanean hobetzea tokiko estrategien definizioa eta ezarpena surfaren sektorea garatzeko.
Sareko hiriek urtero topaketa bat egiten dute urteko emaitzak aurkezteko eta hurrengo jardueren plana onartzeko. Sarea martxan jartzeko ekitaldia Donostian izan zen, 2011ko azaroan.
Informazio gehiago hemen: www.worldsurfcitiesnetwork.com