EUSKADI DANIMARKAKO GOLF TXAPELKETAN IZANGO DA, GOLF-TURISMOKO HELMUGA GISA SUSTATZEKO ASMOZ header image

EUSKADI DANIMARKAKO GOLF TXAPELKETAN IZANGO DA, GOLF-TURISMOKO HELMUGA GISA SUSTATZEKO ASMOZ

Euskadi Basque Country Danimarkako Golf Txapelketan presente izango da, abuztuaren 14tik 17ra bitartean, Danimarkako Birkerød herriko Furesø golf-konplexuan. 60.000 golfzale baino gehiago bilduko dituen ekitaldi honek aukera estrategikoa eskaintzen du Euskadi merkatu eskandinaviarrean golf-turismoko helmuga espezializatu gisa kokatzeko eta Itxaslehor izango Euskadiren espazioa kudeatu eta artatuko duena.

Txapelketak iraungo duen lau egunetan, Euskadik gune propioa izango du sarrera nagusian kokatutako village esparruan. Bertan, golf-turismoari buruzko liburuxka banatuko da, eta kirol horrekin lotutako azpiegituraren eta eskaintza turistikoaren inguruko informazio zehatza zabalduko da. Horrez gain, tarjetoi promozional bat diseinatu da, bisitariek Euskadiko turismo-webguneko golfari buruzko informaziora zuzenean sartzeko aukera izan dezaten, esperientzia arinago eta digitalagoa euren eskura jarriz.

Ekintza osagarri gisa, informazio-gunera hurbiltzen diren pertsonen artean zozketa bat egingo da, eta irabazleak bi lagunentzako asteburu bateko egonaldiaz gozatu ahal izango du, Euskadin golf-esperientzia biziz.

Merkatu daniarra aukera baliotsua da Euskadirentzat helmuga turistiko gisa nabarmentzeko, bereziki golfa bezalako segmentu espezializatuetan. Bidaiari hauek gustuko dute gauza berriak ikastea eta finkatuetako ibilbideetatik irtetea; jakin-min handia dute, motibazio kulturala ere bai, eta esperientziaren kalitatea prezioaren gainetik lehenesteko joera agertzen dute. Helmugaren historia, ingurune naturala eta irisgarritasuna bereziki baloratzen dituzte. Gainera, goi-mailako ostatuak nahiago izaten dituzte, erreserbak plataforma digitalen bidez egiteko ohitura dute eta euren bidaiak modu autonomoan antolatzen dituzte, ohiko sasoietatik kanpo.

Ekimen hau Euskadiko Golf Turismoko Sarearen lanaren baitan kokatzen da. Sare hori sektoreko 16 eragilek osatzen dute: 12 golf-zelai, 3 turismo-agentzia hartzaile, Euskadiko Golf Federazioa eta Basquetour bera. Helburu nagusiak dira golf-turismoko azpiegitura garatzea; turismo-eskaintza dibertsifikatzea eta Euskadi balio erantsi handiko merkatu-nitxoetan kokatzea.