Plentziak udaberriko eskaintza turistikoa aurkeztu du header image

Plentziak udaberriko eskaintza turistikoa aurkeztu du

Itxaslehorrek bisita gidatuak programatu ditu. 

Aste Santutik ekainera bitartean egin beharreko plan nagusiak biltzen dituen ‘Plentzia ezagutu’ tresna berria argitaratu du Udalak.
Eraikin enblematikoak, leku ezagunak eta txoko sekretuak, gastronomia eta hainbat eta hainbat plan eta ibilbide dira Plentziak Aste Santu honetarako eskaintzen dituen proposamen turistikoak. Udalak argitaratu duen gidan daude jasota, udalerriko erakargarritasun guztiak ezagutarazteko. Tresna berriak, plan nagusiak eta intereseko datu turistikoak jasotzeaz gain, bisita autogidatua, jarduerak, ibilbideak eta taberna, jatetxe eta ostatuen eskaintza biltzen ditu. Gida hau paperean edo http://www.visitplentzia.com webgunean eskura daiteke.

Gainera, dokumentuan, udalerriko eraikin esanguratsuenetako batzuk ezagutzeko bisita autogidatua jasotzen da, baita Plasentia Butroe Museoak eskaintzen dituen planen eskaintza, Cabobillanoko jarduerak eta Crusoe Treasureren esperientziak ere. Oinez (Armintza, itsaslabarretatik paseoa, Uribe Kosta landatarra, Plentzia-Butro-Mungia) eta urez egindako ibilbideak ere ez dira falta, ura maite dutenentzat (kayak edo sup). Azkenik, taberna eta jatetxeak nahiz ostatuak (landetxeak, hotelak eta ostatuak) babesten, zabaltzen eta agerian jartzen jarraitzeko, gidak jateko eta lo egiteko tokirik onenen zerrenda zabala du. Eguneko eta asteburuko menuen atal bat ere badago.

Apirilaren 4rako eta 11rako, Itxaslehor Zerbitzu Turistikoak enpresak diseinatutako bisita gidatua izango da, Butroeko Plasentia Museoaren altxorrak eta hiriko eraikin esanguratsuenak elkarrekin ezagutzeko. Ekimenak arrakasta badu, uda garaian bisita gidatu gehiago eta desberdinak eskaintzen jarraitzea da asmoa.