SOPELA SURF BUSINESS MEETING EKITALDIAK HAMARKADA BATEKO IBILBIDEA OSPATU DU
Urtero bezala, surfaren eta skatearen industriako topaketa profesional sendotuak urrian izan du berriro hitzordua. Urriaren 22an eta 23an, bi jardunaldi espezializatu egin dira: hitzaldiak eta jardunaldi tekniko bat.
Sopelako Tokiko Garapen Arloak sustatuta eta Itxaslehor Surf Consultancyren laguntza teknikoarekin, aurtengo edizioan tokiko zein nazioarteko industriako erreferente garrantzitsuek parte hartu dute. Izan ere, urte hauetan sektoreko nazioarteko marka handietako zuzendariek parte hartu dute, hala nola Billabong, O’Neill eta Red Bull enpresetako ordezkariek. Halaber, maila handiko kirolariek ere hartu dute parte, besteak beste, Nadia Erostarbe surflari olinpikoak eta Cisco Araña brasildarrak, Brasilgo lehen surflari profesionalak eta herrialdeko lehen surf-eskola publiko ospetsuaren arduradunak.
Euskal Herriko erreferente nabarmenak ere izan dira bertan: Kepa Acero, Garazi Sanchez, Leticia Canales eta Txus Dominguez; Wavegarden eta Olatu enpresak; John Cabianca bezalako shaper-ak eta Peñatxuri bezalako surf-eskolak, besteak beste. Horrez gain, zientzialariek, irakasleek, prestakuntza-zentroek eta erakundeek ere parte hartu dute, hala nola AZTIk, Basquetourrek eta Turismoaren Euskal Agentziak, beste askoren artean.
Merkatuko azken produktuak hondartzan bertan probatzeko aukera ematen duen test day ospetsuaz gain, topaketak askotariko jarduerak eta bidelagunak izan ditu hamarkada honetan: erakustaldiak, surf-eskolak, jardunaldi teknikoak eta hitzaldi inspiratzaileak, baita iaz sortutako Tokiko Surf Filmak ekimenaren eskutik antolatutako tokiko zinema-saioa ere. Aurreko edizio arrakastatsuetan, Galizian sortutako Surfaren Herrien Sareko lagunek eta Bilboko Itsasmuseumek ere protagonismo berezia izan dute. Topaketa honetan aliantza eta proiektu berriak sortu dira.
Izan ere, publikoak elkarrizketetan eta mahai-inguruetan parte hartzeko aukera du, baita egungo surfaren eta skatearen industriaren alderdi garrantzitsuei buruzko hitzaldiak entzuteko ere. Horrez gain, pintxo-networking saioan parte har dezakete.
Nabarmentzekoa da hainbat arlotako enpresen, erakundeen eta adituen nazioarteko parte-hartzea, besteak beste, zientziaren, ekintzailetzaren, berrikuntzaren, kirolaren eta estrategiaren esparruetan. Ikuspegi globala eta konparatiboa eskaintzen da, produktuen eta zerbitzuen ekoizpenean eta eskaintzan erreferente diren lurraldeekin alderatuta, hala nola Kalifornia, Australia eta Frantzia.
Helburua ezagutza partekatzea eta trukatzea da, gure tokiko industria mundu mailako testuinguruan non kokatzen den aztertzeko eta aukerak identifikatzeko.
Jardunaldiak irekiak eta doakoak dira, eta sektore profesionalari zein ekintzaileei zuzenduta daude. Hasieratik, tokiko eta lurraldeko erakundeen babesa eta konpromisoa izan dituzte.
Ekimen hau Sopelako Tokiko Garapen Arloak sustatzen duen lanaren barruan kokatzen da, eta jarraipena ematen die aurretik abiatutako hainbat plan estrategikori: Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoari, Enpresen Plan Estrategikoari eta Turismo Jasangarriaren Plan Estrategikoari.