Donostiak Surf Hirien Munduko Sarearen bileran parte hartu du, Brasilen  header image

Donostiak Surf Hirien Munduko Sarearen bileran parte hartu du, Brasilen

Donostia Surf City klusterreko ordezkariak eta bertako surf enpresak Brasilgo Santos hirian izan ziren

Donostia Surf City klusterreko ordezkariak eta bertako surf enpresak Brasilgo Santos hirian izan ziren azaroaren 22an, Surf Hirien Munduko Sarearen (WSCN) topaketan parte hartzen. Donostia Sustapenak sare haren sorreran parte hartu zuen. Halaber, Donostiak gidatzen du sarea jardueren antolaketan, eta iazko edizioan ekitaldiaren anfitrioi izan zen. Donostiako ordezkaritzan bertako hainbat enpresak parte hartu zuten, eta beren produktuak parte hartzaileen artean aurkezteko baliatu zuten aukera. Esku hartu zuten firmen artean daude Ocean Glasses, Surflogic eta Skis Sancheski.

Sare honen helburu nagusia da surfaren negozioaren inguruko jakintza transferitzea eta surfak gure hiri esparruetan sortzen duen negozio ereduarekin lan egitea. Itxaslehor Surf Consultancy sarearen idazkaritza eroaten du.

Azaroaren 22tik 24ra bitartean, ostiraletik igandera, Surf Hirien Munduko Sarearen (WSCN) Nazioarteko Biltzarra egin zen São Pauloko kostaldeko Santos hirian. Ekitaldi horretan, hamaika herrialdetako 40 agintari inguru eta kirolariak elkartu dira. Hain zuzen ere, WSCN sarea osatzen duten hirietako ordezkariak izan ziren Santosen: Donostia (Espainia), Montañita (Ekuador), Viña Del Mar (Txile), Arica (Txile), Ericeira (Portugal), Viana do Castelo (Portugal) New Plymouth (Zeelanda Berria), Lacanau (Frantzia), Durban (Hego Afrika), Huanchaco (Peru) eta Las Palmas (Kanariar Uharteak). Ekitaldi horretan, Espainiako Salinas hiriak ofizialki bat egin zuen WSCN sarearekin. Halaber, Montevideoko (Uruguai) eta El Salvadorreko Turismo Bulegoko gonbidatuak ere izan ziren.

Programa horretan, besteak beste, surflariak, gobernuetako agintariak eta enpresariak elkartu ziren. Hala, enpresa nazionalak zein nazioartekoak batzen dituzten negozioetako mahai-inguruak eta eztabaidak egin ziren, baita musika-emanaldiak eta Prancha Oca emakumezkoen surf-jaialdia ere.

Ekitaldiaren irekiera SESC-Santos antzokian izan zen. Irekiera ekitaldi ofizialean, Mark Lund surflari eta enpresariarekin solasaldia eta Bella Huna Água-Vivaren musika emanaldia izan ziren, hainbat gonbidaturi ongietorria eginez, hala nola Reunion Band, Marcelo Mira (Alma Djem), Neco Carbone, Mark Lund, Nuno, Edinho Leite, Mauro Raposo, Jacuí eta Ronaldo Gui.

Konferentzia Santoseko Udalak eta WSCN sareak antolatu zuten, eta helburua zen bertako jarduera ekonomikoa areagotzea (negozioak, turismoa, enplegua eta programa sozialak), mundu zabaleko surf hirien jakintza eta lankidetza trukatuz. Santos hiriak 2014an antolatu zuen lehenbizikoz WSCN sarearen bilera bat. Iazko edizioan, Donostian izan zen ekitaldia.