FUNTSEZKO BARNE-PUBLIKOA BEHE-DENBORALDIAN header image

FUNTSEZKO BARNE-PUBLIKOA BEHE-DENBORALDIAN

Egia da turistek gero eta gehiago banatzen dituztela oporrak urte osoan zehar, baina uda sasoia da oraindik ere bidaien eta gaualdien % 80 biltzen dituena.
Beraz, desestazionalizazioa da turismo-helmuga askoren helburuetako bat, turismo-karga banatzeko eta turismo-zerbitzuak urtean zehar ahalik eta denbora gehien irekita mantentzeko. Eta horrela sortzen dira mota guztietako ekitaldiak: kulturalak, kirolekoak, enpresetakoak, gastronomikoak, modakoak, etab.
Euskadik eta Bilbo-Bizkaiak ere horrelako ekitaldiak bultzatzearen alde egiten dute, ahal dela izaera turistikoarekin, lankidetza turistikoko erakundeei beren eskualdeetan antolatzen dituzten lehiaketa eta ekitaldietan lagunduz. Horren erakusgarri da abenduaren 6.7,8,9 eta 10ean egin zen Durangoko azoka.
“Durangoko Azoka” euskal kulturaren erreferentea da eta aurten 58. edizioa ospatu du. Ekitaldi artistiko eta kultural ugarik betetzen dituzte espazioak urteroko hitzordu honetara bertaratzen diren milaka pertsonen gozamenerako. Liburu eta disko azoka ere azken nobedadeak aurkezteko gunea da, eta Durangaldea-Urkiola eskualdeko eskaintza turistikoa ere bertan dago, stand propio batekin. Itxaslehor Zerbitzu Turistikoak kudeatu du stand hori, eta 690 pertsona igaro dira bertatik. Horietatik % 92 Bizkaiko lurralde historikotik etorri dira, % 5 Gipuzkoatik, % 3 Estatutik eta % 1 Frantziatik. Gehienak Bizkaiko familiak ziren, eta hiriari eta inguruari buruzko informazioa bilatzen zuten eguna pasatzeko.
Frogatuta geratu da txangozaletasuna izan dela protagonista nagusia egun horietan Durangon, eta, bisitarientzako ekitaldi erakargarri eta interesgarri bati esker, hiriak eta bere enpresek nabarmen handitu dituztela salmentak turismoa oso txikia den hilabetean.